Lagun Artea Kirol Elkartea
Ez dakigu zehazki noiz hasi zen futbolean jokatzen Lakuntzan. Hala ere, esan dezakegu betidanik egon dela gure herrian kirol honekiko zaletasuna. Hala, 80 urtetik gorako herriko adineko batzuek kontatzen dute Zelai Eder futbol zelaian partidak jokatzen zituztela Sakanako (Altsasu, Etxarrri eta Arbizu) eta Arrotxapeko eta Asiaingo taldeen kontra eta partida horietara jokalariak eta zaletuak Txutxin Goñiren kamionetan, Paco okinarenarekin edota Angelenaren autoan joaten zirela.
Oraindik gogoan ditugu jokalariek beraiek antolatzen zituzten txapelketak. Izan ere, jokalariak arduratzen ziren ateak muntatzeaz eta zelaia markatzeaz, bai eta aurkako taldeak bilatzeaz ere, gehienetan Araban (Agurainen eta Araian) eta Iruñean (Irrintzi, Salestarrak eta San Nikolas parrokiako Boga-Boga taldea).
Konturatuta zaletasuna oso handia zela, gazte talde batek Boscos Txapelketan parte hartzea proposatu zuen —60ko hamarkada zen eta proposamenak ez zuen aurrera egin—.
1966. urtera arte itxaron behar izan zuten Nafarroako Futbol Federazioaren 2. Erregionalean parte hartu ahal izateko. Izan ere, urte hartan, abuztuaren 12an, osatu zen ofizialki Lagun Artea elkartea.
Eskualdeko lehen elkarte ofiziala izan zen Lakuntzakoa. Ondoren, Altsasua, Aitziber, Etxarri Aranatz eta Aralar Mendi taldeak sortu ziren.
Herritarren zaletasunari esker, oraindik erabiltzen den Itxesalde futbol zelaia egin zen auzolanean. Futbol zelaia 1971eko irailaren 5ean inauguratu zen LAGUN ARTEA-OSASUNA (Gazteak) taldeek jokatutako partidarekin. Partida horretara Fermin Ezkurra etorri zen, garai hartan Osasunako lehendakaria zena.
Lehendabiziko Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatu zuten:
-
Lehendakaria: Jesús Maria Zabarte Ganboa.
-
Lehendakariordea: Jose Luis Lakuntza Artieda.
-
Idazkaria: Carlos Cabestrero Polo.
-
Diruzaina: Miguel Angel Areta Areta.
-
Batzordekidea: Tomás Equert Eseverri.
-
Batzordekidea: Julian Flores Flores.
Taldearen historian bi egun azpimarratuko ditugu:
Batetik, 1974ko ekainaren 29a, egun horretan Lakuntzako taldeak Udaberriko Kopa (gaur egun Federazio Kopa) irabazi baitzuen Azagrako Miguel Sola futbol zelaian Peña Azagresaren aurka jokatutako partidan lortutako emaitzari esker (1-2). Egun hartan ia Lakuntza osoa joan zen Azagrara.
Bestetik, 2004ko irailaren 14a. Egun horretan lehendabiziko aldiz jokatu baitzuen hirugarren mailan Oberena taldearen aurka, behin 2003/2004 denboraldian kategoria erregional gorenean txapeldun gelditu eta gero.
Lehen esan dugun bezala, ohore handia izan da taldearentzat hirugarren mailako Oberena, Tudelano, Peña Sport, Txantrea edota Iruña talde garrantzitsuen aurka jokatu izana.
Zelai Berri futbol zelaia 1998ko abuztuaren 15ean mustu zen lehen mailako ALAVES-VALLADOLID partidarekin, non talde bakoitzeko jokalari titularrek jokatu baitzuten. Oso egun garrantzitsua izan zen eta hori dena Migel Ansorenari esker egin zen, garai hartan berak kudeatzen baitzituen Fronton izeneko erretegiak Madrilen.
Halaber, lehen mailako OSASUNA (2. maila)-ALAVES partidak jokatu ziren 1999ko abuztuaren 15ean eta ALAVES-OVIEDO 2000ko abuztuaren 19an. Partida horiek ospe handia eman zieten herriari eta zelaiari.
OSASUNA-ALAVES partidako ohorezko sakea Alfredo Di Stefanok eta Clementek (hautesle nazionala garai hartan) egin zuten. Benetan futbolaren festa handia izan zen.
Nafarroako onenetariko bat da Zelai Berri futbol zelaia, izan ere oso soropil ona du. Horixe adierazten digute Lakuntzara jokatzera etortzen diren taldeek.
Alderdi negatibo bezala aipatu beharra dago taldeak ez zuela parte hartu 1979/1980 eta 1980/1981 denboraldietako txapelketetan, ez eta 1983/1984 denboralditik 1995/1996 denboraldira bitartekoetan ere.
Herria txikia izanik ere, kadeteen eta gazteen mailako taldeak izan ditu hainbat denboralditan, eta 1997/1998 denboraldian talde bat Gazteen Lehen Mailara igo zen.
ISIDORO ARREGIRI JASOTAKO OHARRAK
Isidoro Arregiren etxera joan nintzen taldearen argazki zahar bat hartzera eta berak 32/34 urteetan gertatutako hainbat pasadizo kontatu zizkidan. Izan ere, garai hartan ondoko herrietako taldeekin aritzen ziren futbolean (Irañeta, Arruazu, Uharte Arakil, Irurtzun, Berriozar, Asiain, Altsasu, eta abar).
-
Lakuntzara jokatzera etorritako taldeei, partida bukatutakoan, bakailaoa ematen zitzaien askaltzeko. Beraiek kanpora joaten zirenean ere merienda ematen zieten (ogitarteko bat, pastak…). Oso giro ona zegoen eta gose handia, noski.
-
Oinetakoak: bakoitzak zuena eramaten zuen (batzuek espartinak, beste batzuek zapatak eta gehienek iltzedun bortzegiak).
-
Arropa: garai hartan Burundesako txoferra zen Javier Otxoak ekarri zuen eta jokalari bakoitzak 11 pezeta ordaindu behar izan zituen arroparengatik.
-
Altsasukoa zen garai hartan Sakanako futbol-zelairik onena.
-
Felix Garziandiak bortzegiekin jo zuen Isidoro Ganboa taldekidea.
-
Julian Ganboa Bilboko Atlethic zalea zen eta horregatik uniformea honelakoa izatea erabaki zuen: kamiseta zuri-gorria eta galtzak urdinak. Galtzerdiak, berriz, bakoitzak zeuzkanak jazten zituen, denak berdinak izan gabe.
Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatzen dute:
-
Lehendakaria: Jose Julian Garciandia Pellejero
-
Lehendakariordea: Santiago Mendieta Melero
-
Idazkaria: Miguel Angel Areta Areta
-
Diruzaina: Jose María Lanz Areta
-
1. Batzordekidea: Jesus Mª Goikoetxea Velaz
-
2. Batzordekidea: Francisco Piñas Palomeque
-
3. Batzordekidea: Jose Miguel Olano Arreras
-
4. Batzordekidea: Carlos Ruiz de Erentxun Ibero
-
5. Batzordekidea: Jose Javier Andueza Artieda
-
6. Batzordekidea: Jesus Arraiga Ongay
Hurrengo denboraldietan honako hauek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea: lehendakaria Santiago Mendieta Melero izanen da eta batzordekide berriak izanen dira Jesus Mª Zabarte Gamboa, Eugenio Ciria Artus, Xabier Betelu Pellejero eta Miguel Angel Asurabarrena Barado.
AZKEN DENBORALDIAK
2000/01
Lehendakaria: Jose Julian Garciandia Pellejero
Maila: laugarren maila
Lorturiko postua: 3.a
2001/02
Lehendakaria: Jose Julian Garciandia Pellejero
Maila: laugarren maila
Lorturiko postua: 6.a
2002/03
Lehendakaria: Jose Julian Garciandia Pellejero
Maila: laugarren maila
Lorturiko postua: 6.a
2003/04
Lehendakaria: Jose Julian Garciandia Pellejero
Maila: laugarren maila
Lorturiko postua: 1.a - Hirugarren mailara igo zen
2004/05
Lehendakaria: Jose Julian Garciandia Pellejero
Maila: hirugarren maila.
Lorturiko postua: 6.a
2005/06
Lehendakaria: Jose Julian Garciandia Pellejero
Maila: hirugarren maila
Lorturiko postua: 16.a - Laugarren mailara jaitsi zen.
Aipatzekoa da taldea ez dela inoiz mailaz jaitsi; 2005/2006 denboraldian 16. postura iritsi zen, 38 punturekin.
Denboraldi horretan, zeinetan 19 taldek parte hartu duten, mailaz jaitsi da aurreko postuan sailkatua zegoenaren puntu kopuru berdinarekin (Andosillako River Ega).
Lakuntzako taldeak, herri koxkor batekoa izanik, hirugarren mailan dauden taldeetatik aurrekontu txikiena du, izan ere, aldea nabarmena da.
|